HASI DA MARTXAN CAMPO VOLANTINEN ETA TIBOLI ZEHARKALEAREN ARTEKO LEHEN IGOGAILU BERTIKALA, URIBARRIKO BEHEALDEKO IRISGARRITASUNA HOBETZEKO

HASI DA MARTXAN CAMPO VOLANTINEN ETA TIBOLI ZEHARKALEAREN ARTEKO LEHEN IGOGAILU BERTIKALA, URIBARRIKO BEHEALDEKO IRISGARRITASUNA HOBETZEKO
Bilboko Udalak 1.247.851,74 euro inbertitu ditu obretan, eta igogailu berria udal igogailuen sarearen parte izatera igaro da (guztira, 64 igogailu daude martxan).
Gailu mekaniko berriak 16,36 metroko altuerako desnibela gainditzen du. Bi geraleku ditu 180 º-tan —larrialdiko geraleku batez gain—, eta hamahiru lagunentzako tokia.
Igogailuaz gain, Udalak pasabide bat egin du goiko irteeran, eta Tiboli zeharkalearen eta San Agustin estrataren arteko elkargunea eta haren ondoko ezponda berrurbanizatu ditu.

Campo Volantin pasealekua eta Tiboli zeharkalea lotzen dituen igogailu bertikal berria hasi da martxan, egunotan. Horri esker, hobetu egin da Uribarriko behealdeko irisgarritasuna eta areagotu egin da Matiko eta Castañoseko auzotarren bizitza-kalitatea, eremu osoko barne-mugikortasuna erraztuta.

Bilboko Udalak irisgarritasun unibertsalaren alde egiten jarraitzen du, udal igogailuen sarea handitzen: igogailu berriarekin, 64 dira, dagoeneko, urian martxan dauden igogailu publikoak.

KONPONBIDE BERTIKALA, 16 METRO BAINO GEHIAGOKO DESNIBELA GAINDITZEKO

Campo Volantin pasealekua eta Tiboli zeharkalea plataforma desberdinetan daude, eta, orain arte, horien arteko ohiko lotura eskailerak edo malda handiko arrapalak ziren (kasuren batean, % 21,5eko malda).

Gailu mekaniko berriak nabarmen hobetu du egoera: guztira, 16,36 metroko altuerako desnibela gainditzen du, 180 º-tara dauden bi geralekurekin —larrialdiko geraleku batez gain—, eta hamahiru lagunentzako tokiarekin.

Igogailuaz gain, Udalak 18,31 metro luze den pasabide bat egin du, jendea errazago joan dadin goiko geralekutik Tiboli zeharbidearen eta San Agustin estrataren arteko elkargunean dagoen plazara. Bide batez, Udalak plaza hori konpondu du, eta ondoko ezponda ere bai.

Igogailuaren kabina eta goiko irteerako pasabidea egitura metalikoz egin dira.

Igogailuak 24 orduko bideo-zaintza eta argiztapenerako led-proiektagailuak ditu. Pasabidean, berriz, bi zutabe jarri dira, led argiak dituztenak.

Igogailuak behar zituen zerbitzu-harguneak egiteaz gain, gune urbanizatu berrietan hiri-altzari berriak jarri dira —besteak beste, haur txikienentzako zabu berri bat—, eta zenbait lorezaintza-elementu ere bai.

Guztira, obrek 1.247.851,75 euroko inbertsioa eskatu dute (BEZa barne).

Partekatu zure sareetan