- Cocherito de Bilbao kalearen eta Iturriaga kalearen arteko garaiera aldea gainditzeko igogailu inklinatu bi jartzea izan da lana, eta irisgarritasun unibertsalez hornitu da hala eragin-eremu hori.
- Santutxuko bi igogailuek 2,8 milioi euroko inbertsioa behar izan dute.
- Iragan abenduaren 1etik, udalaren elementu mekaniko guztiak lanean ari dira egunean 24 orduan etengabe.
Bilboko Udalak bi elementu mekaniko gehiagoz hornitu du gaur hiria. Santutxun Txurdinagako kiroldegia eta Basarrateko zelaia lotzen dituen bi igogailuez ari gara, zeintzuen bidez irisgarritasun unibertsalez hornitzen baita eragin-eremu hori.
Inaugurazioan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obra, Zerbitzu, Hiri-eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi ordezkaria eta Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia. Azpiegitura horiek Bilboko Aukera-eremuen, Baliabide Mekanikoen eta Irisgarritasunaren Planak modu teknikoan definitutako lehentasunen barruan daude.
Santutxuko inguru horretarako irisgarritasun-soluzioa, biztanleria-dentsitate handia baitauka, bi igogailu inklinatu jartzea izan da, Cocherito de Bilbao eta Iturriaga kaleen arteko garaiera aldea gainditzeko. Goiko aldeko igogailuak Iturriaga kalean hasten du ibilbidea, Basarrateko zelaiaren eta Metroaren geltokiko igogailuaren ondoan. Laurencin Markesaren kalea eta Anselmo Guinea Margolaria kalea gurutzatzen diren lekuraino iristen da, eta badu geltoki bat tartean, hango haurtzaindegiaren ondoan. Igogailuak 65 metroko tartea egiten du, eta 8,5 metroko garaiera aldea gainditzen du.
Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolariaren kaleko zenbaki bakoitien aldetik doa, Laurencin Markesaren kalearekin gurutzatzen den lekuan bertan, Cocherito de Bilbao kalearekiko gurutzaguneraino. Igogailuak 45 metroko tartea egiten du, eta 5 metroko garaiera aldea gainditzen du.
Igogailu baten zein bestearen kabinetan 20 pertsona sartzen dira. Igogailuek badute behaketa-sistema bat, ingurua denbora errealean behatzen duena; badu energiaz etengabe hornitzeko sistema bat ere, eta kabina barnearekin komunikatzeko sistema bat ere bai, besteak beste.
Horrez gain, hobetu egin da Cocherito de Bilbao kalearen eta Club Deportivoren Zirku Amateurra kalearen bidezko konexioa, han zegoen oinezkoentzako pasabide bat lekuz aldatuz eta haur-jolasen plazaren inguruko espaloia zabalduz. Horretarako, ezabatu egin da lehen zegoen lorategi-gunea.
Laurencín markesaren kaleko igogailuetako inbertsioa 2,8 milioi euro izan da. Lanak 12 hilabetean egin dira.
Gaurtik aurrera, Santutxun bizi diren herritarrek aukeran dute bi elementu mekaniko irisgarritasun unibertsalez hornitu horiek erabiltzea. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hau nabarmendu nahi izan du: “Bideragarria bada, beti agertzen gara igogailuen alde, irisgarritasuna guztientzako bermatzen baitute, edozein egoeratan dauden pertsonak garraiatu ahal dituztenez. Helburua da Bilboko Udalaren menpe dauden espazio, ekipamendu publiko, produktu eta zerbitzu guztiak apurka-apurka egokitzea, herritar guztientzako irisgarriak izan daitezen. Gure nahia da inguru horietako bilbotarrek senti dezatela udalak ahal duen guztia egiten duela mugitzeko aukerak hiri osoan bezalakoak izan daitezen haientzat ere. Haien bizi-kalitatea hobetu nahi dugu, aisialdi eta jolaserako gune berriak sortuz eta irisgarritasuna hobetzeko konponbideak aplikatuz.”