BILBOKO UDALAK ABIARAZI DITU SOLOKOETXEN BI IGOGAILU PUBLIKO BERTIKAL ETA PANORAMIKO BERRI ERAIKITZEKO LANAK
- Solokoetxeko eskaileran bertan kokatuko dira eta, horiei esker, auzo horren eta Zazpi Kaleen arteko oinezkoentzako lotura erabat irisgarria ahalbidetuko da.
- Udal lokal batzuk egokitzea ere aurreikusten da proiektuan, beheko igogailuaren lehenengo geralekuari ekiteko.
- Obren aurrekontua 1.550.208,21 euro da (BEZa kanpo), eta aurreikusita dago lanak hamaika hilabetean burutzea.
Bilboko Udalak Solokoetxen eta Zazpi Kaleak lotuko dituen bi igogailu berri eraikitzeko lanak abiarazi ditu. Obren aurrekontua 1.550.208,21 euro da (BEZa kanpo), eta aurreikusita dago lanak hamaika hilabetean burutzea.
Bi igogailu horiek Solokoetxeko eskaileretan egongo dira eta oztopo arkitektoniko garrantzitsu hori gaindituko dute. Izan ere, auzo bien arteko oinezkoentzako lotura erabat irisgarria ahalbidetuko da, zehazki, Erronda kaleko 32. zenbakiaren ingurutik Solokoetxeko instituturaino.
Igogailuak eraikitzearekin batera, hirugarren jarduketa bat aurreikusten da; hain zuzen ere, lehenengo igogailuaren beheko ateko sarrera egin ahal izateko, eskaileren azpian dagoen udal lokalaren zati bat eraitsi beharko da.
BEHEKO IGOGAILU BERTIKALA
Lehenengo igogailuak Erronda kalea eta Zazpi Katu lokaleko sarrera-plataforma lotuko ditu. Geraleku bi izango ditu eta 8,5 metroko desnibela gaindituko du.
Egituraren aldetik, nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, egitura metaliko batekin eta beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako edukiera izango du, eta bideoz zainduta egongo da, eguneko 24 orduetan.
GOIKO IGOGAILU BERTIKALA
Bigarren igogailua lehenengoa amaitzen den plataformatik bertatik abiatuko da. Elementu mekaniko honek 20,90 metrotik gorako desnibela gaindituko du eta hiru geraleku izango ditu, gehi larrialdietako bat.
Hauek izango dira geralekuak:
- Larrialdietako geralekua 24,20 metroko kotan dagoen plataforman egongo da; bertan, gainera, eskailerak berriro urbanizatuko dira.
- Erdikoa 32,37 metroko kotako plataforman egongo da; hor ere eskailera-tartea berriro urbanizatu beharko da.
- Eta goikoa, Solokoetxeko institututik hurbil dauden eskaileren ondoan egongo da.
Beheko elementu mekanikoak bezala, 13 lagunentzako lekua izango du, eta bideozaintza-zerbitzua edukiko du, eguneko 24ko orduetan. Era berean, nukleo bertikalaren bidez gauzatuko da, metalezko egiturarekin eta alde guztietan beira laminatuz estalita.
UDAL LOKALA ERABERRITZEA
Lehenengo igogailura sartzeko pasabide bat egin behar denez, eskaileren azpiko udal-lokalen zati bat eraitsiko da. Espazio-galera hori konpentsatzeko, horien azalera sakonerantz handituko da.
Jardueran, lehenik eta behin, arotzeria, plakazko estalkiak, alikatatuak, sabai faltsuak eta zoruak altxatuko dira, bai eta barruko trenkadak eta kanpoko itxitura eraitsi ere.
Ondoren, kanpoko itxitura egingo da eta arotzeria berriak, estaldurak, sabai faltsuak, alikatatuak eta zoruak jarriko dira. Gainera, argi-puntu gehiago eta berriak izateko behar den sare elektrikoa zabalduko da, eta aldagelen gunean armairuak eta eserlekuak jarriko dira.
URBANIZAZIOKO OBRAK
Adierazitako hiru jarduketez gain, obra garatu bitartean, jarduketa-eremu osoan zoladura berria jarriko da, eta altzairu herdoilgaitzezko babes-baranda jarriko da igogailuen pasabideen alde bietan.
Era berean, berdeguneak berriro atonduko dira eta argiztapen-sarea egokituko da, markesinetan eta igogailuetan argiztapen-elementu berriak ipinita. Euri-uren sarea egokituko da eta kanalizazio berriak prestatuko dira telekomunikazioetarako eta udalaren zuntz optikorako.